Albisteak

 

Busturiko Udalak bi auzi irabazi dizkie Aldundiari eta Sukarrietako Udalari San Antonioko enklabearen harira. Ondorioz, Aldundiak enklabea ezabatzeko proposamena aurkeztu behar die Batzar Nagusiei, onar dezaten; bada, burutazio hoberik ez eta proposamena egin du Busturiko udalerriaren lurralde-zati bat Sukarrietari emateko “lapurtuz” ezabatzeko enklabea.

Ez dago hori baino “jauntxokeria” lotsagabeagorik, eta hona hemen Bizkaiko herri txiki orok ikasi beharreko irakaspena: “Ez irabazi auzirik Aldundiari, okerrago izango da-eta”. Kontuan hartuta Aldundiaren proposamena, bertako Diputatuen Kontseiluak 2016ko martxoaren 15ean onartua, argi dago Busturiko Udala okertu egin dela Aldundiari eta Sukarrietako Udalari auzia irabazita. Hobe zuen galtzea eta zegoen bezala geratzea, beraren lurraldearen funtsezko zati baten “lapurreta” pairatu barik.

Nola sortu zen Bizkaian enklabeak derrigor ezabatu beharraren arazoa? 8/1993 Foru Arauak behartu egiten du Aldundia udal-enklabe guztiak ezabatzera, eta halaxe egin zen, Sukarrietaren bi izan ezik: bata Arteagan (Kanalako enklabea) eta bestea Busturian (San Antonioko enklabea).

Antza, Aldundiak ez zituen enklabe horiek ezabatu Urdaibaiko ibaiak lotzen dituelako Sukarrietako erdigunearekin, baina auzitegiek zalantza barik ebatzi dute juridikoki ez dela horrela, Busturiak 1994tik esan izan duen bezala, eta itsasotik eta lehorretik ez dagoelako lurralde-jarraitutasunik; hortaz, Sukarrietaren enklabe biak, Bizkaiko gainerako guztiei aplikaturiko araubidea aplikatu izan balitzaie, Arteagari eta Busturiari, hurrenez hurren, atxiki behar zitzaizkien.

Har bedi kontuan, adibidez, Kanalako enklabea 20 kilometrora dagoela lehorretik Sukarrietako erdigunetik. Haatik, Bizkaiko udalerri guztien nahitaezko lurralde-jarraitutasuna gorabehera, Udalaren ustez ez dago zertan ezabatu. Era berean, San Antonioko enklabeari bere horretan eutsiko litzaioke Busturiak ez balu auzitegietara jo.

Sukarrietak bere egin du Munitiseko enklabea, Busturiak legeak behartuta eman ziona; hala ere, badirudi Busturiarentzat betebeharra dena ez dela Sukarrietarentzat, izan ere, bigarrenak Aldundiaren babes eta laguntza esplizituak ditu beraren enklabeei eusteko.

Aldundiak bere jauntxokeria zuritzeko emandako argudioetako bat ekonomikoa da, hau da, Sukarrieta ezin ei da geratu bideragarritasun ekonomikorik barik. Aitzitik, datuak eztabaidaezinak dira: Sukarrietako Udalak zerga bidez jasotzen dituen diru-sarrerak, bizilaguneko, Busturiarenak baino ia bi aldiz gehiago dira (410 € bizilaguneko Sukarrietan, 227 € Busturian). Aldundiaren beraren datu publikoak dira eta Udaldata webgunean egiazta daitezke.

Busturiko Udalak udalerri biak uztartzea ere eskaini izan du, herri bien gehiengo soilez onar daitekeena. Alabaina, Sukarrietako Udalak eta Aldundiak uko egin diote, jakinaren gainean horrela inolako arazo barik sar litekeela Kanalako enklabea Arteagan, Bizkaiko udalerri guztiei nahitaezko lurralde-jarraitutasuna ematearren.

Auzitegi Gorenaren eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak betearazteko prozeduran, Aldundiak beste espediente bat hastea erabaki du, muzin eginda herri bien entzunaldira eramandako behin betiko ebazpen-proposamenari, alegia, enklabea Busturiari atxikitzea ebazten zuenari. Aldundiak ez du ezkutatzen beste behin Sukarrietako Udalaren mesedetan ari dela, eta uko ere egiten dio Busturiko Udalari San Antonioko enklabeari buruzko datu ekonomikoak emateari, Busturiko Udalak egoki deritzen alegazioak aurkez ditzan.

Halaber, Aldundiak proposamen berria egiteko enpresa ez du lehiaketa bidez aukeratu, ezta enklabeen ebazpen-proposamenak egiten eskarmentua duenik ere, baizik eta nahierara (EIBEX SL), idatziz ziurtatu diona proposamena Aldundiaren beharren neurrira egingo duela.

Jakina, Busturiko Udalak beste behin jo beharra dauka bide judizialera, Aldundiaren aurrean defendatzeko eta ia ziurtasun osoz egiaztatzeko erabilitako datuak trukatuta daudela, ezagunek ezin baitute bermatu Aldundiak defendaturiko tesia. Orain arte, Aldundiak ez dio inolako daturik eman Udalari, Sukarrietako Udalaren aurrekontuzkoak edo ekonomikoak ere ez, Busturiko Udalak judizialki eskatu behar izan dituenak. Gardentasun-adibide garbia, Herri Administrazioen arteko koordinazio- eta lankidetza-adibide ederra! Zer gertatu da indarrean dagoen 19/2013 Legearen aplikazioarekin, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa? Zergatik ez du bete Foru Aldundiak, dagoeneko bi auzi irabazi dizkion Udal batek datuak bide judizialetik eskatu behar dituenean?

Aldundiaren inolako erantzunik jaso izan gabe, Busturiko Udaleko Osoko Bilkurak -aho batez- galdetu zion 2015eko abenduan EIBEX SL enpresaren nahierarako kontratazioaren helburua ba ote zen zuritzea San Antonioko enklabea Busturiari lurralde-zati bat ebatsiz ezabatzeko proposamena. Foru Aldundiak ez zuen erantzunik eman horri dagokionez, 2016ko martxoaren 15ean Diputatuen Kontseilu ostean egindako prentsaurrekora arte. Lotsagabekeria eta jauntxokeria galanta, zeinen aurrean Busturiko Udalak lege-esparrura jo eta berriz ere babes judiziala eskatu beste aukerarik ez duen!

Busturiko Udaleko Alkateak eta zinegotzi guztiek sinaturiko testua