Jatorriak

Arraina freskotan, gatzetan, ketuta... kontsumitzen zen Erdi Aroan, eta dietako oinarrizko produkuta zen, arrazoi erlijiosoengatik batez ere. Sardina, bisiguak, sardinzarrak eta bakailaoa ziren penintsula iberikoko barrualdeko merkatuetan egon ohi ziren arrainak.

Libro del Buen Amor (1343. urtea) liburuko atal batean, On Haragia eta Garizuma Andrearen arteko Borroka azaltzen du hita artzapezak. Bertan, honako hau aipatzen du (euzkaraz egokituta): “Bixigu eta sardinzar, borrokarako asmoz, itsasoa utzita Bermeotik datoz”.

Izan ere, Bermeo, 1236. urtean sortutako hiribildua, Bizkaiko Itsasoko portu garrantzitsuenetakoa zen garai hartan. Lekeitio eta Ondarroa hiribilduak mende bete geroagoa zortu ziren ia-ia. Nolanahi ere, laster ezarri zituzten trukerako merkataritza-ibilbideak Penintsulako barrualdearekin. Durango eta Gasteiz artean dagoen Urkiolako Mendatean zehar.

Hiru arrantza portu horietatik egunero abiatzen ziren mandazainak. Arrain freskoz edo gazitutako arrainez beteta eramaten zituzten mandoak. Errioxatik, Nafarroatik eta Gaztelatik etxera itzultzen zirenean, mandazainek beste elikagai batzuk garraiatzen zituzten mandoetan, esate baterako, garia, gatza, ozpina eta ardoa. Ardo gehiena Arabako Errioxatik ekartzen zuten, eta Bizkaian egindako ardo gaztea baino, hau da txakolina baino preziatuagoa eta garestiagoa zen.

Mandazainek “mendiak, sakanak eta bakarlekuak” gurutzatzen zituzten. Izan ere, Ibilbidea, Bizkaian batez ere, oso korapilatsua zen, lurraldeko orografia oso malkartsua zelako. Nolanahi ere, bide horietan jende asko ibiltzen zen, eta Gasteizko merkatura egunero iristen zen Bizkaiko arrain freskoa.

Ardo eta Arrainaren Ibilbideak Urkiolako Mendatea zeharkatzen zuen, eta asko erabili zen XVIII. mendearen hasierara arte, harik eta Orduñako Mendatea zeharkatzen zuen Gaztelarako Errege-Bidea hobetzeko lanak egiten hasi ziren arte. XX. Mendera arte merkataraitza-ibilbidea izan da, hau da, mandazainek eta errekardariek (Bizkaiko barrualdeko merkatuetan arrain freskoa saltzen zuten emakumeek) bertatik igarotzeari utzi zioten arte.

Ibilbide turistiko-kultural bihurtuta, Ardo eta Arrainaren Ibilbideak XXI. Mendean bere protagonismoa berreskuratzeko erronkari egiten dio aurre.

  • Ibilbidea
  • Informazio gehiago (PDF 43,29KB)