Lehenengo historiaurreko erreferentziak

Arkeologiak egin dituen aurkikuntzek egiaztatzen dute gure
historiaurreko arbasoak, Busturiko Eleizateak hartzen dituen lurretan, bizi izan
zirela.

Busturian, Moruzillo koba dago Jose Miguel Barandianek aurkitu zuena,
1924an. Bere sarrera jabetza pribatu baten dago, eta mendi barrura sartzen da,
kareharrizko haitz urgoniano baten menpe. Ahoa triangelu itxurakoa da, eta
3,25 metroko zabalera eta 1,85 metroko garaiera dauka. Jose Miguel de
Barandiaranek suharri batzuk topatu zituen, landutakoak ziren eta Mesolitiko-
Neolitiko aztarnategitzat hartzen du.

San Bartolome auzoan, Sorbituagako monolitoa dago, zutik dagoen
hareharrizko bloke handi bat da eta bere neurriak hauexek dira: 2,12 m-ko
altuera, 0,92 m-ko zabalera eta 0,25 m-ko gehienezko lodiera. Goiko aldean eta
albo banatan oso hozka bitxi batzuk ditu.

Parezi auzoan, Burdin Aroko aztarna batzuk topatu dituzte; beharbada,
Kristo Aurreko II. Mendearen ingurukoak izango dira.

Lehenengo erreferentzi dokumentalak

Busturiaren ganeko lehen agiriak XI. Mendekoak dira. Iñigo Lopez eta
Toda andreak – Bizkaiko jaun-andreak - Axpeko Santa Maria Monasterioa
dohaintzan emon zieten Garcia jaunari – euren laguna eta Arabako apezpikua
zena-, 1051ko urtarrilaren 30ean.

Geroago, 1070. urtean, dohaintzan ematen dizkiote Cogollako San Millan
monasterioari, Madariagako jauregiak bere lur eta landatze guztiekin, Sancho
Iñiguez euren semearen arimaren otoitzean.

"Busturia" izenaren jatorri etimologikoa

Ezin daiteke jakin zehatz Busturiaren etimologia-jatorria zein den. Jakinminak
hainbat hipotesia sortu ditu. Halan, Koldo Mitxelenaren iritziz, Busturia
“Bost-Uri” berbetatik dator. Bost uri horiek Busturia osatzen duten bost auzoak
litzatekez. Horietatik lau daude oraindik, eta nortasun berezia dute: Axpe, San
Bartolome, San Kristobal eta Altamira. Hala ere, ez dakigu bostgarren auzoa zein den. Joseba Agirrezkuenagak dioenez, Parezi izan liteke.

Maria Victoria de Gondra y Oraaren hipotesiak dioenez, Busturiako
Eleizatearen toponimiaren jatorria horixe izango zen; eta, beharbada, gero
merindade osora zabalduko zen.

Hipotesi horren alde egiten du Axpeko Santa Maria eleiz-parrokian, portadako tinpanoan, dagoen armarriaren esangurak.
Armarriak kuartel bi ditu: lehenengoan gaztelu bat dago, gainean bost zuhaitz eta azpian zaldi biren buruak dituena; bigarrenean, herri bateko etxeak edo
eleizak ageri dira; eta, horrez gainera, bost zuhaitz eta garezur bat daude.
Zuhaitzak eleizatearen eta merindade osoaren sorburua diren bost uriei dagokie.

Juan Ramon de Iturrizak “Historia General de Bizkaia” lanean dioenez,
Busturia izena eratorri bat da, eta “atxaren pean” (subtus penna) esangurea
du, XI. mendeko agirietan Eleizateari deitzeko esaera hori agertzen da-eta.

Jaime de Querejetak “Diccionario onomástico y heráldico vasco” lanean
azaltzen duenez, baliteke Busturiaren oinarrian “ustu” (olo) eta “uri” (lekua)
berbak egotea. Halandaze, holan itzuliko genuke: “basa-oloa dagoen lekua”.

Maria Victoria de Gondra y Oraa laugarren hipotesia aipatzen du. Hain
zuzen, hipotesia hori Lidak egindako azalpena da, bost errekatxoen ganekoa:
merindade osoa zeharkatzen dute, inguruko mendietatik jaitsita (Sollubearen
inguruan dauden Parezi, Mape, Zelendiaga, Matzarre-Matzarre eta Baldatika
mendietatik) eta itsasorantz doaz. Azalpen horri jarraituta, Eleizatearen izena
merindadearen izenetik dator. Lehenengo hipotesiaren arabera, ostera,
merindadearen izena Eleizatearen izenetik dator.

Lau teoria horiekin batera, Jacinto Gomez Tejedorrena dago.
Idazle horren iritziz, gomutan izan behar da euskaraz “buztin” eta “uri” berbak daudela,
eta Busturian buztinezko metaketa asko daudela.

Horregatik, egile honek itauntzen du ea ez ote du “buztinaren uria” esangurea edukiko.