Pertsonai ospetsuak eta legendak

 

JAIOTZA ETA HASTAPENAK


Jose Maria Uzelai Uriarte Bermeon jaio zen 1903ko azaroaren 1ean, eta
bertan bizi izan zen 6 urte bete arte. Eskola adinera heldu zenean Bilbora
eraman zuten eta 1912an izurri bat dela-eta Busturira, bere amaren jaioterriko
etxera (Txirapozu), ekarri zuten. Batxilergoa amaitu zuenean, aitak Madrileko
Ingeniari Eskolan matrikulatu zuen, baina ez zen joan eta aitak Busturian
konfinatu zuen amaren aldetiko izeba-osabekin.



Mendezona kapitainaren afaria koadroa, 1970Uzelairen Conversation Piece Koadroa


1922an, bere bokazioa pintore izatea zela aitari esan ondoren, honek
bere ikasketetarako gordeta zeukan dirua eman zion eta Parisera joan zen;
Parisen 1938ra arte egon zen eta han artista abangoardista asko ezagutu
zituen. Sasoi horretan (1933) egin zuen Bermeoko batzokiko Murala, gerra
zibila hasi aurretik egin zuen obrarik handiena hain zuzen, eta urte berean
ezkondu zen Ines Atxirikarekin Arantzazuko frantziskotarren santutegian.
Parisen jende ospetsu asko ezagutu zituen: Paul Moran, Alejo Carpentier,
Blaise Cendras, Hemingway eta Espainiako Primo de Riveraren diktaduratik
atzerriraturik zegoen Unamuno, beste batzuen artean.


Jose Antonio Agirre Lehendakariak, 1936an, Arte Ederretako Zuzendari
izateko eskatu zion eta, ikasle garaitik ezagunak zirenez, proposamena onartu
zion. Berea izan zen, Julian Tellaetxerekin batera, Euskal Herriko arte obrak
gerra zibil garaian zaintzeko ardura. Eta, Euskal Herriko beste artista asko
legez, berak ere atzerriratu beharra izan zuen eta Ingalaterran egon zen 1949ra
arte. Sasoi hartakoa da (1948) beste batzuen artean “Caronia” transatlantikoko
murala. Obra horrek lau panel handi eta ateburuko luzanga bi ditu, eta hiru
kolore zirriborrotsurekin soilik eginik dago. Atzerritik 1949an itzuli zen bere
oinetxera, Txirapozura, nahiz eta irteera labur batzuk egiten zituen Madrilera.




Uzelairen koadroa 


KRISIA


Artistak aldi txar bat ezagutu zuen, ez baitzuen aurkitzen eroslerik bere
produkzio artistikoarentzat. Egoera horrek bultzatuta, batzokitik ostuta
Bermeoko Arrantzalearen Museo bihurtutako Ertzilla Dorreko areto nagusian
erakusten den horma pintura ordaintzeko eskatu zion Bizkaiko Aldundiari. Era
berean, Inazio Arregi azken erosleetarikoarengana zuzendu zen “Notas acerca
del encargo que, segurísimamente, puede hacerme la Diputación sólo con
mirar un poco los motivos que los justifican” izenburutzat daukan gutun
pertsonal baten bidez. Eta Aldundiak, Bermeoko Murala ordaintzearen truke,
Gernikako Juntetxean 80 metro karratuko fresko bat egitea eskaini zion; baina
gero Aldundiak ez zuen onartu proiektua eta ez zen burutu.


Egoera horri gehitu behar zaizkio bere amaren heriotza 1961ean eta kreditu batzuen epemuga; eta
horren guztiaren ondorioz, pintorea depresio afektiboak erabat jota utzi zuen
eta Madrileko bere pisuan babestu zen irakurtzeari emanik.



Uzelairen Ororio Koadroa


AZKEN URTEAK


1969an Busturira behin betirako erretiratu, munduan pasatzen denaz
ahaztu eta asto-pinturara dedikatzea erabaki zuen, presarik eta urgentziarik
barik. Hirurogeita hamarreko hamarkada gainbehera eta etsimendu, hala fisiko
nola espiritual, aldia izan zen. Gure artista, ohera nahiko sarri eramaten zuen
artrosi batek deseginda, pianoan eta oroitzapenetan babestu zen. Uzelai
1979ko azaroan gaixotu zen eta harrotasunez beterik beti erakutsi zuen buruargitasun
eta estoizismoz Bilboko klinika batera eramanik, bertan hil zen urte
bereko eguberrian.


OBRA PIKTORIKOAREN KONKLUSIOA


Uzelairen pintura, pintura erabat pertsonala da, “euskal eskola”
deritzonaren artean orijinalena zalantzarik barik. Dena den, Uzelai, euskal
pintore gisa, “lurraldetar mitotik” aparte dago; bere “sorterriak” gehiago
funtzionatzen du transposizio leku legez (esperientzia erradikaletan gertatu ohi
den bezala).


Errealismoan, nolabait magikoan eta era berean manieristan,
inskribaturiko pintura da, –naturala ez den heinean eta mihisean agertzen diren
elementu guztiak perspektiba batasun berarekin ikusita ez dauden neurrian,
nahiz eta atmosfera berean arropaturik eta inguraturik agertu–.
Uzelairen irudikapena zehatza eta garbia da, baina ez du bilatzen
espiritu fotografikoa, erreferenterekin berdintasuna, alderantziz baino, berak
ikusten duenaren irudikapena bilatzen du, autorearen nortasunaren eta
estiloaren aztarnak biltzen dituen “artearen lilura” hain zuzen.



 



Uzelairen koadroa2 Loreen bodegoia, Buden egina Uzelairen koadroa3








Uzelai, maisurik eta ikaslerik gabeko pintorea da. Autodidakta, Txirapozu
bere oinetxeko lehenengo konfinamenduan ikasi zuen bere inguruan zegoen
mundua ikusten eta islatzen. Hortxe dago, Txirapozun hain zuzen, bere
pinturaren gakoa.

Parisera, azkenekoaren, abangoardiaren alegia, bila doa eta hori
Busturiko argian, baserritarren jasean eta Txirapozun aurkitzen du
Bere obran Txirapozuko objektuak agertuko dira: bertako leihoak,
mahaiak eta aulkiak, tigre larrua, mahai-zapiak, eskopetak eta ekialdeko
erretiluak, zeramikazko piezak eta loreak, sarrerako mimosak edo terrazako
agapantoak; baina ez bakarrik etxaldeko elementuak, baizik baita Solluberen
eta Ereñozarreko San Migelen artean, Urdaibai itsasaldean zehar, dauden
mendiak, hodeiak, padurak eta animaliak ere.



Natura hila, Busturiko zeramika erabiliz Busturiko zeramika erabiliz egindako bodegoia, 1935















Jose Maria Uzelaik familiaren jauregitik eta bere ingurunetik hartzen
duen eragina erabatekoa da gero birsortuko duen paisaiarekin eta bere barruko
munduarekin zerikusian, bere mihiseen gai ikonografikoei eta, bereziki, bere
konnotazio estetikoei, zehazki berengan grabitatzen duten mundua eta
ikuspegiari, dagokienez. Eta Busturiko jauregia amaren leinukoa da, ehun
urtetan zehar giro eta artista bat sortu, eragin eta leku eman dien elkarturiko
hiru sendiren sintesia.