Ibilbideak

 

4,5 km-ko ibilbidea. Altamira auzunetik abiatuta, Bidetxeko baserritik Goierri auzunera eroango gaituen errepidea hartuko dugu. Bidegurutze inguruan Busturiko antzinako mahats-parren arrastoak ikusi ahal izango ditugu. Ibilbidean abiatu baino ez, Altamirako bista itzelaz gozatu ahal izango dugu, atzealdean Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barrualde guztia dugula.


Ibilbidean aurrera, eukalipto-baso zarratu bat zeharkatuko dugu Iturbe landaturismo etxearen inguruetaraino, eta hemendik Busturi barruko paisaia ikusi ahal izango dugu, Apraiz harana eta Paresi auzunea aurre-aurren ditugularik. Hortik metro gutxitara Larragoko karobia, oraintsu birgaitua, bisitatu ahal izango dugu. Paisaia ederreko puntu honetatik aurrera, bidea leundu egiten da eta aldatsek larre, pinudi eta otadietan zehar doan lautadari uzten diote lekua. Larrazabaleko antzinako eskolatik Urdaibaiko itsasadarreko bista zoragarriak, Atxerreko artadi kantauriarrak eta Axpe auzunea ikusi ahal izango ditugu.


Urkiobe baserritik Axpeko auzunera jaisten den pista hartuko dugu, eta handik landazabal atlantikoak, labore ezberdinekin, mahats-parrak batzuekin besteak beste, ederturiko paisaia ikusi ahal izango dugu. Pinudiak eta eukalipto-basoak gailentzen diren paraje bat zeharkatuko dugu, harik eta, aldats pikeetan behera jaitsi ondoren, Mendoitze etxera heldu arte, gero Axpeko hirigunera heltzeko.



Ibilbideen mapa