Ibilbideak

 

3 km-ko ibilbidea. Altamira auzunetik abiatuta Apraiz haranerantz joko dugu Altamiran bertan behera utzita dagoen harrobi parean Mape ibaia zeharkatuta. Apraiz haranera eroango gaituen auzo-bidetik joango gara. Haran honetan dauden baserriek nekazaritzan jardun dute antzina-antzinatik, haraneko lurraren emankortasuna lagun. Haranean barrurago sartu ahala, belartza zabalak eta baso-arlo handi bat, artadi kantauriarra, ikusi ahal izango dugu. Baso honek haranaren erliebea gehienbat moldatzen duen sistema karstiko guztia betetzen du. Hala Apraiz haranean nola Mallukun, erabateko arroak izan arren biok, ibai-ibilbideak ez dira azalekoak; alderantziz, substratu porotsua bera leizez eta isurbidez beterik dago, nondik ura sartzen den akuifero handiak egiteraino, eta akuiferoek lurpeko ibai-ibilbideak egiten dituzte, kasu honetan Axpen eta batez ere Txatxarramendi uharteko zubian dauden ur-sorburuetan azaleratzen direnak.


Goikoetxea baserrira helduta gero, eskuinean hasten den pista bat hartuko dugu eta handik, eukalipto-baso bat zeharkatuz, Malluku haranera helduko gara lepo txiki bat gainditu ondoren. Haranera helduta, bertan behera utzitako zenbait baserriren hondakin misteriosoak ikusiko ditugu, orain ez urte asko nekazari familia baten bizilekua eta lantokia zen gunean kokatuta. Haranean barrena sartuta, zibilizazioaren zaratetatik urrun, basoko soinuak entzuteko aukera izango dugu, baita urtxintxa bat edo beste ikustekoa ere, ehunka urteko haritzen adarretan saltoka. Bideari jarraituz, isurbide misterioso horietako batera doan bidetxora helduko gara eta basoko ur-erreten txikiak lurpera joateko duten isurbidea ikusiko dugu. Hurrengo lepora igo ondoren, artadiaren
ertzetara helduko gara, landaturiko basoak dauden tokira. Hemendik San Martin basoko lepotik bidea hartuta Altamirara itzuli ahal gara, edo Foruko Haitzeko Harrobira doan bideari jarraituta, Foruko Urberuaga auzunean bukatu ibilbidea.


Ibilbideen mapa