Ibilbideak

 

3,5 km-ko ibilbidea. San Kristobaleko tren geralekutik abiatuta, San Kristobaleko harez beteriko gune barrura abiatuko gara. Betelan hau Astilleros de Murueta, S.A.k egin zuen 70eko hamarkadaren erdi aldera, Urdaibai itsasadarraren erdiko kanala dragatzean ateratako hondarra bertara botata.


Ibilbide honen hasieran, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako haltzadi ederrenetako bat aurkituko dugu. Haltzadia pasa ondoren, ezkerretara lezkadi handi bat ikusiko dugu, mareen eragina txikiagoa den barruko gune putzuz beteetan mantxa bat eginez. Lezkarekin batera beste espezie batzuk aurkituko ditugu, hala nola, tamariza eta Ameriketatik etorritako espezie inbaditzaile bat: Baccharis halimifolia. Hegaztien behatokira garamatzan bide-zidorrari jarraituz, San Kristobaleko hareatza zeharkatuko dugu eta bertan 3 espezie direla nagusi ikusiko dugu: erbibuztana, itsabalki zuria eta betibizi horia. Hareatza honetan basamortuko eta estepako landaredia hazten da, eta intsektuen artean, berriz, hauexek dira aipatzekoak: bataneko erlastarra, liztor alderraiak, inurri lehoia eta erleen otsoa esaten diotena, besteak beste.


Paduren ertzean ekosistema horri dagokion landaredia ikusi ahal izango dugu, batik bat itsas getozkak, espartinak eta salikornioak. Abuztua eta apirila bitartean hegazti urtar asko ikusi ahal izango ditugu, hezegune honetara pasean eta negupasa etorrita. Txori hauek euren joan-etorrietan ondo ikusteko, txori-behatokia erabili beharko dugu, horrela hegaztiei ezelako trabarik ez egitea lortuko dugu eta.


Harez beteriko gunetik irten eta San Kristobal auzuneko plazara joko dugu, eta hemendik Zelaiondo Egoitzatik eskuinerantz


Gorritikale eta Madariagako Dorretxerantz doan bidea hartuko dugu. Errepidetik, eskuinerantz, ikuspegi bikainak izango ditugu padurez eta Urdaibaiko barne estuarioaz gozatzeko. Belaustegi baserriaren parean landazabal atlantikoak paisaia zoragarria eskainiko digu, eta itsasadarraren eskuinaldeko artadi zabalak ikusteko aukera ere izango dugu. Pare horretan bertan, Madariaga Dorretxea ikusiko dugu muino estrategiko bati gaina hartuta.


Bideari jarraituz, Etxebarriko mahats-parrak aurkituko ditugu, eta Busturiko bideak mahats-parren arkupean zelakoak izan ziren egiaztatuko dugu. Antzina zin egiteko Errege Bidea izandakoaren tramu batzuetan zehar mahats-parrak igarota, errepidea hartuko dugu metro batzuetan eta Etxezarre parean beste aldera pasako gara, eta han Aingerubideko hariztia ikusi ahal izango dugu. Axpeko koba ezkerrean utzita, Andra Mari eliza ondotik pasako gara, non haren portada platerezkoaz gozatzeko aukera izango dugun, eta gero Kurtzio ermitara joko dugu, eta han Axpe auzunearen barrualdetik Sukarrietara doan bidea hartuko dugu. Kurtzigane parean berriro hartuko dugu zin egiteko bidea, ondoen kontserbatuta daukan tramuan.


Bideari jarraituz Sukarrietara helduko gara eta han, errepidea beste aldera zeharkatu eta herriko parkea igaro ondoren, Txatxarramendi uhartera helduko gara, non Itsasbegi izeneko antzinako arrain haztegia ikusiko dugun, oraintsu birgaituta. Uhartera sartuko gara eta Urdaibaiko artadiak ordezkatzen dituen parke botaniko bihurtuta ikusiko dugu, eta gerotxoago Uhartearen begiratokian amaituko dugu, bertatik Urdaibai itsasadarraren bokaleko bistarik ederrenetako batez gozatu ondoren.



Ibilbideen mapa