Zer bisitatu?

Pareziko Baseliza 

Baseliza hau da herritik urrunago dagoena eta zaharrena ere bada. Sollube mendiaren goiko aldean dago. Elurretako Andra Mari izena dauka, baina “Pareziko edo Bareziko Andra Mari” esaten dute herrian. Antzina, baseliza horretara prosezio bi egiten ziren, bata apirilaren 25ean; eta, bestea, irailaren 2an.

Agirietan agertzen den aipamenik zaharrena 1051koa da. Dohaintza-agiri horretan azalduta dagoenez, Bizkaiko jaun-andreek, Iñigo Lopez jaunak eta bere emazteak Toda andreak, euren lagunari Arabako apezpikua zen Garcia Jaunari, ematen diote.

Eraikinaren planta angeluzuzena da (14,32 x 7,66 m.). Hormetan harlandua dago. Teilatua ur bikoa da eta bi zertxen gainean dago. Kanpai-horma bakartuta dago: harrizko baoa dauka, eta bertan kanpaia dago, eta horren gainean burdinazko kurutze bat. Ateko arkuak apur bat zorrotzak dira eta leihoek leihoburuak dute. Nabeak harlauzak ditu zoruan; presbiterioko zoladura egurrezkoa da. Atearen gainean idazpuru hau dago: “Año 1793”. Seguraski, urte horretan konponketa handi bat egin zen.

Baseliza honetako irudiak txikiak dira: Andra Mari Elurretako, Andra Mari Karmengoa, San Antolin, San Markos eta San Jose.

Jaieguna abuztuaren 5ean ospatzen da; meza abestua eta erromeria ere egiten da. Hurrengo egunean meza egiten da auzoko hildakoen oroimenez.