Zer bisitatu?

San Kristobaleko Baseliza 

San Kristobal auzoan dago, Mape errekaren ondoan eta Gernika-Bermeo errepidetik hurbil. Busturiko osterantzeko baselizakaz gertatzen zaigun antzera, ez dakigu noiz altxatu zuten. Jakin badakigu XVII mendearen hasieran bazegoela San Nikolas edo San Kristobal izeneko baseliza bat. Fabrika Liburuan batzuetan, San Kristobal izenarekin dago; bestetan San Nikolas izenarekin.

Plano angeluzuzena dauka (13,50 x 8,86 m.) eta etxe bat dauka atxikita. Hormak harlanduzkoak dira. Teilatua ur bikoa da, eta zertxa biren gainean dago. Kanpandoreeak baoa dauka, kanpaia ipinteko ; goian, burdinazko kurutzea dauka. Atariko atea atelburua du, eta beheganea terrazozkoa da. 1980an zaharberritu zuten, baina, horren aurretik, beheganea harri zabalekoa zen. Oinean arkupea dauka, Busturiko baseliza guztiak legez.

Baselizak San Kristobalen, San Martinen eta Andra Mariren irudiak ditu. Jaieguna uztailaren 10ean da, San Kristobal egunean. Antzina, abenduaren 6an ere jai egiten zen, hau da, San Nikolas egunean.