Busturik Busturialdea izeneko eskualde historikoari ematen dio izena, Bizkaiko kosta-arkuaren erdian kokatuta dagoenari. Sollube mendiko mazelen eta Urdaibaiko itsasadarraren artean, erdibidean, 5 auzune daude kokatuta: Axpe, Altamira, San Bartolome, San Kristobal eta Paresi. Goialdeetan Goierrri bezalako baserri-guneak badauden arren, biztanleriarik gehiena behean, haranean, bizi da, antzina Foruak zin egiteko bidea zenaren eta gaur BI-645 errepidea eta Bilbo-Bermeo trenbidea denaren babespean.
Gernika-Mundakako itsasadarraren estarioan bertan kokaturik, 19,56 km2-ko lur-azalera dauka, bere lurralde guztia Urdaibaiko Biosfera Erreserban duelarik. Bermeo eta Sukarrieta ditu mugakide Iparrera, Arrieta Mendebalera, Errigoiti eta Murueta Hegora eta itsasadarra eta Arteagako Gautegiz Ekialdera.